2007/06/28

06/07 Mintegia Laburpen Txostena

Saioetako Laburpena

Sarrera

2004/2005 ikasturtean, Lasarteko Berritzeguneak, Etorkinekin Bigarren Hizkuntzaren Irakaskuntza izeneko mintegi bat antolatu zuen. Helburua argi zegoen: LHko ikasle etorkinei euskara irakasteko materialak ezagutu, sortu, eta elkarrekin trukatzea.

Honez gero, hiru urte pasa dira lehenengo mintegi hura antolatu zenetik. Mintegiaren hiru urte hauetan ikasitakoa, gure ustez, lagungarria izan da lana gero eta hobeto egiteko.

Laburpen honetan, aurreko urteetan egin dugun moduan, 06/07 ikasturteko mintegiko saioetan zehar burutu dugun lana azaldu nahi genuke.

Hirugarren edizio honetan mintegia sendotu egin da. Hasierako urteetan zegoen material premia apalduz joan da -nahiz eta, oraindik ere, honen beharra handia izan - eta, materialaren lanketaz gain, bestelako lanak egiteko ere denbora izan dugu: mintegiko partaideen hainbat eskolatako Norbanako Planak elkarri trukatu dizkiogu; ikasle etorri berriekin lan egiteko gelako programazioa osatzen hasi gara; lehendik genuen foroa hobeto antolatu dugu eta, une honetan, gure lana zabaltzeko blog bat sortzen ari gara.

Honen guztiaren berri emango dugu zehatzago datozen orriotan. Bi ataletan antolatu dugu laburpen hau:

1.- Aurtengo mintegiko lan ildo nagusiak.
2.- Material zerrenda.

Lan hau guztia egiteko taldeko partaideen jarrera aktibo eta kooperatiboa ezinbestekoa izan da. Hau gabe, mintegi formatua duen jarduera batek ezin du ondo funtzionatu.

Pozgarria izango litzateke guretzat mintegi honen ekarpenak baliagarriak izatea arlo honetan lanean ari diren guztiontzat.



Begoña Valiente Lekuona.
Lasarteko Berritzeguneko Etapako Aholkularia.

Teresa Zulaika Galdos.
Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako (EHU) Irakaslea.




I.- LAN ILDOAK

Hiru lan ildo jorratu ditugu ikasturte honetako saioetan:

1.- Informazioa.

Aurreko urteetan egin dugun moduan, aurten ere, mintegiaren saio gehienetan, tarte bat izan dugu ikasle etorkinen euskararen irakaskuntzan lan egiten dugunontzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat informazio (ikastaroak, liburuak, artikuluak) elkarri trukatzeko. Laburpen honen bigarren atal nagusian jaso dugu mintegira iritsitako informaziorik interesgarriena.

Informazio trukaketa honen barruan, gure lanarekin lotutako kezkak, galderak eta zalantzak ere partekatu ahal izan ditugu. Haietako bi azpimarratu nahi genituzke:

.- Batzuetan, gure eskoletara irakurtzen eta idazten ez dakiten 10 / 11 urteko ikasle etorkinak iristen dira. Arreta berezia jaso behar lukete honelako ikasleek baina eskoletan ez dago baliabide nahikorik ikasle hauei behar bezala laguntzeko.Gainera, egoera honetan dauden ikasleek, askotan, bestelako arazoak ere izaten dituzte.

.- Zein izan behar da ikasle etorkin bat maila batean edo bestean kokatzeko irizpide nagusia, adina edo hizkuntza? Eztabaida interesgarria sortu zen galdera honen inguruan. Hona hemen hainbat iritzi:

.- “Gure eskolan, badaezpada ere, beti jartzen dugu maila bat baxuagokoa den gelan, hizkuntzari ematen diogu lehentasuna”.

.- “Nire ustez adina izan behar da irizpide nagusia, gizarte integraziorako oso inportantea baita. Gure eskolan, normalean, bere mailakoekin jartzen dugu eta gero, gerokoa!”.

.- “Guk hasierako ebaluazioari garrantzi handia ematen diogu, Itzultzailea etorri arte itxoin behar bada, itxoin egiten dugu. Nahiago dugu ondo zaindu lehenengo momentu hau, gero, traumatikoa izan daitekeen egoerarik ez sortzeko”.

.-“Lehen hezkuntzako hirugarren ziklora joan behar duten ikasleen egoera berezia da, DBH gertu baitago (beste ikastetxe bat, beste exijentzia bat…)”


2.- Foroa.

Mintegiko partaideok, 05/06 ikasturtean, gure arteko komunikazioa errazteko, guztiz lagungarria izan den foro itxi bat sortu genuen elkarrekin.org web orriaren barruan. Bere funtzio garrantzitsuenetako bat, partaideok sortzen dugun materialaren artxiboa izatea da. Zorionez, hara bidalitako dokumentuak ugaldu egin dira azken hilabeteotan eta aurtengo lan bat izan da artxiba hau osatzen jarraitzeaz gain, hor pilatutako materiala antolatzea.

Aipatu den bezala, foro hau itxia da. Orain, material batzuk modu irekian ikusi ahal dira elkarrekin.org web orriaren beste toki batean (liburutegia/eskola inklusiborantz/interkulturalitatea/hizkuntza lantzeko materialak). Aurrerantzean, sarreran esaten genuen moduan, gure lana sortzen ari garen blog baten bidez zabalduko dugu.


3.- Programazioa.

Bi programazio mota jorratu ditugu:

Norbanako Planak

Mintegiko partaideen 7 eskolaren Norbanako Planak eta eskola bateko bi ikasleren programazio didaktiko bat elkarri trukatu genizkion. Antzekotasun handiak zeuden planen artean baina hainbat ezberdintasun ere ikusi genituen: kasu batzuetan beste batzuetan baino askoz ere orokorragoa da plana; astean zehar laguntza gelarako denbora ere ez da modu berdinean banatzen kasu guztietan baina, lehen esan dugunez, planen arteko antzekotasunak desberdintasunak baino gehiago ziren. Argi ikusi genuena izan zen planifikazio orokor hau batez ere ikuskaritzari begira egina dela baina eguneroko lanerako ez duela asko laguntzen. Horrexegatik erabaki genuen, Norbanako Planak gehiago aztertu beharrean, laguntza gelako programazioari ekitea.

Laguntza Gelako Programazioa

Zeregin hau gure saio askoren gai nagusia izan da. Laburpen honetako eranskinean honi buruz osatu dugun lehen dokumentu bat irakur daiteke. Hasierako hurbilpen bat baizik ez da. Datorren ikasturtean lan honekin jarraitzeko asmoa dugu.

Programazioaren lan honekin lotuta, laburpen honetako material zerrendan agertzen den Uri Ruiz Bikandiren artikulu bat irakurri eta komentatu genuen. Esparru honetan lan egiten dugunontzat dokumentu interesgarria iruditu zitzaigun. Iritzi trukaketarako gogoeta honetatik abiatzea proposatu zen: “artikulua irakurri ondoren, idatzi zure lanerako aplikagarriak izan daitezkeen 3 ideia. Hona hemen orduan azpimarratutako hainbat ideia:

.- “153 orriko taula interesgarria da.” Taula hau Jim Cumminsek 2002an egindakoan dago oinarrituta. Gelan proposatzen diren jardueraren eskaera kognitiboa eta ingurunearekiko lotura gurutzatzen dira.”

.- “Murgilketaren eta Azpiratzearen artean egiten den bereizketa oso ondo dago (Taula I, 146 orrian). Batzuetan, konturatu gabe, azpiratze lana ari gara egiten".

.- “147. orrian: “…se suele deducir de forma abusiva que el mero tiempo de exposición a la lengua produce conocimiento lingüistico”. Uste hau gure artean ere badago”

.- “149. orrian: “…la relación entre comprensión y expresión no es mecánica”, “…escucahndo no se aprende a hablar . Oso kontuan hartzekoa


II.- MATERIALAK.

1.- Liburuak.

.- ADURIZ,A.L Txikichef. Hariadna.

.- ANSÓ, R. (2007). Tejiendo la interculturalidad. Actividades creativas para el aula. Madril. La Catarata.

.- CARBONELL, FRANCESC (2005) Educar en tiempos de incertidumbre. Equidad e interculturalidad en la escuela. Madril. La Catarata.

.- HABE (2005) Europako Erreferentzia Markoa.(Interneten: HABEren web orrian)

.- IRUSTA, A. (20007). Munduari itzulia 18 ipuinetan. Donostia. Elkar.

.-ITURRALDE, JM & MARTINEZ, L. (2005).Argitxo eta etorkinak.Donostia. Euskal Herriko Ikastolen Federazioa.

.- OXLADE, CH .Mila eta bat galdera eta erantzun.Ttarttalo. Elkar.

.- www.elkarrekin.org web orrian, liburutegia izeneko atalean sartu ondoren, liburuen zerrenda kulturarteko hezkuntza lantzeko pdf-a dago. Ima Ortega irakasleak, 2006ko abenduan osatutako mota guztietako liburu zerrenda da.



2.- Web orriak / Blogak.

.- http://leioakohipiak.blogspot.com

.- www.edualter.org

.- www.xtec.net/lic/ Interesgarriena : caixa d’eines.

.- www.eitb.com/betizu

.- www.eitb.com/mihiluze

.- www.tolosakoudala.net . Honako dokumentua dago: “europar erkidegotik kanpoko etorkinen inguruko Ikerketa-diagnostikoa Tolosaldean. 2006ko maiatza”.


3.- Bestelakoak.

Egunkariak / Aldizkariak

.- Berria egunkariaren igandeko gehigarrian, BeGIA izeneko atalean, gelarako erabilgarriak izan daitezkeen argazki deigarriak agertzen dira. Honen inguruan hainbat jarduera presta daitezke.

.- Guix aldizkariaren 330 alea.2006ko abendua. Nadal en una societat pluricultural. Gabonak eta gizarte kulturanizdunaren inguruko gogoetak.

.- RUIZ BIKANDI, U. (2006) “Consideraciones básicas para facilitar el aprendizaje de la L2 a los principiantes” . Cultura y Educación, 18 (2), 143-157.

.- ZENDOIA, M (2007) “Etorri eta euskaldun bihurtu”. Uztarria, Azpeitiko herri aldizkaria, apirila, 34-37.
(Interneten : www.uztarria.com)


CDak

.- Estibalitz Astigarraga. Testuen egokitzapenak. DBHko 1.maila. CDa.
2006. Durangoko Berritzegunea.

.- Iturzaeta Eskola. Tartalo. CDa. 2006. Getaria


Testuliburuak

Ondoko testuliburuetako hainbat ariketa edota testu erabil daitezke.

.- Goazen. DBHrako.Zubia Santillana.

.- Aurkitzen. LHrako. Erein.


ERANSKINA


GELAKO PROGRAMAZIOA OSATZEN LAGUNTZEKO DOKUMENTUA

I.- Dokumentuaren helburua

-. Ikasle etorkinek, HIPIarekin izango diren 2 ikasturteetan, euskarari dagokionez, zer ikasi behar duten zehaztea, ahaztu gabe, ikasle hauek, euskara, erreferentzia gelan ere landuko dutela.

II.- Programaziorako oinarriak

A.- Erabilitako irizpide pedagogikoak.

-. Hizkuntza, hizkuntzaren bidez gauzak eginez ikasten da.

-. Atazetan Oinarritutako Irakaskuntza da honetarako metodologiarik eraginkorrena.

-. Ataza hauek, erreferentzia gelan lantzen ari diren gaiekin ahalik eta loturarik handiena izango dute.

-. Erreferentzia gelako tutorearekin koordinazio egonkorra edukitzea garrantzitsua da.


B.- Aukeratutako ikaslearen profila.

-. 7-8 urtekoa, lehenengo hizkuntza gaztelania duena, orain arte eskolatuta egon dena.


C.- Gainditu beharreko urratsak.

-. “Hizkuntzaren Jabekuntza Urratsak” (ikus.internet : zubirik zubi/hizkuntza) dokumentua hartu dugu oinarritzat. Lehenengo ikasturtean gainditu beharreko urratsak 1 eta 2 izango lirateke, nahiz eta bigarren urratsaren helburuak erabat bete ez . Europako erreferentzia markoak finkatu dituen urratsekin alderatuz gero, lehenengo ikasturtean, A1 urratsaren helburuak bete beharko lirateke eta, agian, A2 urratsaren helburu gutxi batzuk.

-. Lehenengo ikasturtean, 20. astean egongo da lehenengo urratsetik bigarrenera pasatzeko unea, hau da, 2. ebaluazioa egin ondoren (ikasturteak 30 irakas-aste dituela hartu dugu kontuan).



III.- Lehenengo ikasturterako gaiak

A.- Eskema orokorra.


GAIA
DENBORA
Hiruhilekoa
URRATSA
LEHEN EGUNAK
1
1
GELA (koloreak, tamainak, zenbakiak)
1
1
FAMILIA
1
1
ETXEA
1
1
GORPUTZA
2
1
JANTZIAK
2
1
JANARIAK
2
1
ANIMALIAK
3
2
LANBIDEAK
3
2
HERRIA
3
2
*ERRUTINAK
x
x
*OSPAKIZUNAK(jaiak, Gabonak, Korrika…)
x
x

* Ikasturtean zehar landu beharreko gaiak.


B.-.Linkatutako materiala.

(ikus. ikastetxera bidalitako CDa)


C.- Gai bakoitzaren programazioa.

(ikus. gai batzuk gure foroaren PROGRAMAZIOA izeneko atalean)
























IV.- Gaiak programatzeko eredua


GAIA

DENBORA

I.- HELBURU DIDAKTIKOAK

A.- Ulermena
B.- Mintzamena
C.- Irakurmena
D.- Idazmena

II.- EDUKIAK

A.- Kontzeptuak

1.-Hiztegia

2.-Eduki funtzionalak

3.-Eduki linguistikoak

B.- Prozedurak

C.- Jarrerak

III.- JARDUERAK


IV.- MATERIALA






Lasarte, 2007ko maiatzaren 14a.

No hay comentarios: